• Hasiera
  • Prentsa
  • Albisteak
  • Gipuzkoako Bazkundeak konfinamendu-garaian bere jarduera egokitzea eta nazioarteko 32 bilera komertzial gauzatzea lortu du

Albisteak

Gipuzkoako Bazkundeak konfinamendu-garaian bere jarduera egokitzea eta nazioarteko 32 bilera komertzial gauzatzea lortu du

  • Frantzia, Alemania, Italia eta Suitzako 9 konpainia europarren eta 26 enpresa azpikontrataturen arteko topaketak bideratu ditu.
  • Konfinamenduko eta bidaiatzeko aukerarik gabeko egoera honetan, jarraibide berriak landu ditu, aurretik harreman komertzialik ez zuten enpresen arteko kontaktuak sustatzeko.
  • Gipuzkoako Bazkundea, jarduera honen sustatzaile, giltzarria izan da ekimen honetan, enpresen aurrean agertzen dituen seriotasun, konfiantza eta berme osagarriengatik.

Ustekabeen aurrean, egokitzapenerako gaitasuna.

Azken hamar urteetan, azpikontratazio industrialaren topagunea izan da MEETIND. Lurraldeko enpresa industrialen % 27,6 hartzen du sektore horrek. Ekitaldi horren xedea Gipuzkoako eta Europako enpresen artean harreman komertzial berriak sortzea da; zehazkiago esanda, ekoizpen-prozesu zehatzetan espezializatuta dagoen Gipuzkoako industriaren eta ekoizten eta merkaturatzen dituzten produktuetako pieza, multzo eta azpimultzoetarako hornitzaile berrien bila dabiltzan Europako enpresen artean. Alabaina, konfinamenduak eta mugen itxierak etenda utzi dute, hainbat astez, enpresa gehientsuenetako nazioarteko jarduera komertziala.

 

Nolanahi ere, bideokonferentzien ereduari esker, eta Gipuzkoako Bazkundeak hala erosle atzerritarrei nola bertako enpresei eskaintzen dizkien segurtasuna eta konfiantza lagun, nazioarteko jarduera komertziala erabat geldiarazita egotea saihestu da.

Gipuzkoako Bazkundeak, Europako puntako hainbat enpresarekin jarduten diren erosleekin sendotutako harremana oinarritzat hartuta, bidaiatzeko eta Gipuzkoako enpresekin aurrez aurreko kontaktua izateko ezintasunaren aurrean, harreman komertzialak bideokonferentzien bidez bideratzeko proposamena egin zuen, zuzentasuna eta eraginkortasuna bermatuko zituen protokolo bati jarraikiz.

Gaur arte, Europako 9 enpresak heldu diote Gipuzkoako Bazkundeak egindako proposamenari, bai gure lurraldeko enpresei eskaintzak eskatzeko, bai hornitzaile moduan homologazio-prozesuak irekitzeko.

MEETIND 2020 ekitaldian Europako 27 enpresa eroslek eta 72 enpresa azpikontratatuk parte hartzea zegoen aurreikusita, eta, hain zuzen ere, horren ordezko izan da honako ekimen hau.

Atzerriko enpresek batik bat beren jarduera ez eteteko eta hornidura-katea bermatzeko jo dute formula berri honetara, zenbait kasutan hornitzaileetako batzuek bertan behera utzi behar izan baitute beren jarduera, COVID-19ak sortutako krisiaren ondorioz.

Bideokonferentzia bidez egindako topaketa hauetan parte hartu duten enpresak Gipuzkoako Bazkundeko SUBCONTEX zerbitzuari atxikita dauden enpresak eta MEETINDeko ohiko parte-hartzaileak izan dira.

Azpikontratazioaren eremuan behintzat, non ekoizpen-zehaztapen zorrotzak dauden ezarrita erosleen aldetik, ikusirik parte-hartzaileek oso esperientzia positibotzat hartu dutela ekimen hau, oso litekeena da kontaktu-eredu honek aurrerantzean gero eta garrantzi handiagoa hartzea enpresen arteko harreman komertzialei zabaldu zaien egoera berrian.

 

Informazio gehiago:
  Iñigo Muguruza
  Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
  943 000 312 / 685750111

Cámara de Gipuzkoa Avda. de Tolosa, nº 75 - 20018 Donostia-San Sebastián Tel. +34 943 00 03 00 - info@camaragipuzkoa.com