• Hasiera
  • Prentsa
  • Albisteak
  • Gipuzkoako Bazkundeak uste du lurraldeko BPGa % 1,7 eta % 2,2 artean igoko dela 2024an, eta esportazioak funtsezkoak izango direla hazkunde horretan

Albisteak

Gipuzkoako Bazkundeak uste du lurraldeko BPGa % 1,7 eta % 2,2 artean igoko dela 2024an, eta esportazioak funtsezkoak izango direla hazkunde horretan

Gipuzkoako enpresen hazkunde-itxaropenak murriztu egin dira 2024rako, baina positiboak izaten jarraitzen dute.

Esportazioekiko aurreikuspenak onak dira, eta bi urtez zifra historikoetan egonkortu dira. Enpresen % 88k hobetzea edo mantentzea aurreikusten du 2023arekin alderatuta.

2024an enpresak plantillak mantentzeko eta indartzeko egindako ahalegina antzematen da.

Lan-kostuen igoera eta errentagarritasuna dira, berriz ere, enpresentzako faktore baldintzatzaile garrantzitsuenak, eta, ondoren, langile-falta eta eskariaren ahulezia.

Nazioarteko faktore geopolitikoak funtsezkoak izango dira urteko bilakaera ekonomikoan.

Donostia – 2024ko urtarrilaren 30a

Gipuzkoako BPGa % 1,7 eta % 2,2 artean haziko da 2024an, 2023ko parametroen antzera. Hazkunde ekonomiko moderatu hori esportazioen portaera onean oinarrituko da berriz ere, Gipuzkoako enpresaren indarguneetako bat baita, batez ere merkatuak dibertsifikatzeko duen gaitasunagatik. Zerbitzuen sektoreak ere aurreikuspen onak iragarri ditu urte honetarako. Nazioarteko faktore geopolitikoek eragindako ziurgabetasunaren testuinguruan, azpimarratzekoak dira enplegurako aurreikuspen onak, enpresek plantillak mantentzeko eta handitzeko konpromisoa hartu baitute. 2024 berriro ere kudeaketa korporatibo aldetik zorrotza izango den arren, lurraldeko enpresa-ehunak konfiantzaz egingo dio aurre.

Horiek dira Gipuzkoako Bazkundeak gaur aurkeztu duen lurraldeko enpresen koiuntura ekonomikoari eta perspektibei buruzko urteko txostenaren ondorio nagusiak. Mauricio Arreguik, Gipuzkoako Bazkundeko presidenteak; Javier Zubiak, erakundeko zuzendari nagusiak; Ana Ugaldek, zuzendari nagusiaren ondokoak; eta Iñigo Muguruzak, Marketin eta Komunikazio zuzendariak aurkeztu dute txosten hau prentsaurrekoan. Bertan, 2023an ekonomiak izan zuen portaeraren berri ematen da, bai eta 2024rako agertokiaren aurrerapena ere, bai maila globalean, bai gure lurralderako. Lurraldeko jarduera-sektoreak ordezkatzen dituzten Gipuzkoako ia 500 enpresaren erantzunetan oinarritzen da txostena.

Esportazioek Gipuzkoako jarduera ekonomikoaren funtsezko motorra izaten jarraituko dute, nahiz eta bi urtez zifra historikoetan egonkortu diren. Enpresen % 48k uste du 2023ko zifrak mantenduko dituela, eta % 43k uste du handitu egingo dituela. Enpresen % 12k soilik aurreikusten du nazioarteko salmentak murriztea. Ildo horretan, funtsezkoa izango da merkatuak dibertsifikatzeko ahaleginarekin jarraitzea; izan ere, Europak, tradizioz lurraldeko enpresentzat helmuga nagusia izan denak, hazkunde-zifra txikienak ditu berriro.

Beste adierazle batzuek euste-maila handiagoa erakusten dute. Enpleguari dagokionez, joera kontinuista jarraituko du, eta 2024an enpresak plantillak mantentzeko eta indartzeko ahalegina egiten jarraitzen du. Hala ere, enpresen % 18k uste du aurten enplegua sortuko duela, eta 2023an, berriz, % 31k. Inbertsioen hazkundea ere moteldu egin da.

Enpresak bat datoz berriz ere beren jarduera baldintzatuko duten faktore nagusietan: lan-kostuak, errentagarritasun-marjinak, eskariaren ahulezia eta langile kualifikatuen falta – zeharkako arazoa sektore ekonomiko guztietan eta lurraldearen garapenerako arazo larria dena – dira kezka handieneko elementuak. Era berean, enpresek aipatzen dituzte energia eta lehengaiak eskuragarritasunez eskuratzea, finantzaketa-kostuak, erregulazio-karga handiak edo iraunkortasun-eskakizunak eta ESG irizpideak, emaitza-kontuari eragiten dioten faktore gisa.

Horrez gain, Mauricio Arregui Gipuzkoako Bazkundeko presidenteak adierazi duenez, “nazioarteko agertoki geopolitiko ezegonkor eta korapilatsua dago, eta horrek Gipuzkoako enpresetan eragina izaten jarraituko du. Egoera hori arintzeko, ezinbestekoa da konpainiek alderdi hori beren arrisku-analisietan txertatzea”. Laburbilduz, “2024 urtea, 2023a bezala, oso urte zorrotza izango da enpresa-kudeaketarako, baina Gipuzkoako enpresek konfiantzarekin egingo diote aurre”, gehitu du.

“Enpresek dituzten erronkez eta faktore baldintzatzaileez erabat jabetuta, Gipuzkoako Bazkundeak haiekin batera lan egingo du, bi mailatan laguntza eta babesa emanez: maila korporatibo batetik, administrazio publikoekin eta gainerako eragile ekonomikoekin lankidetzan jarraituko dugu, enpresa-sarearen interesak defendatzeko; eta, zerbitzuak ematen dituen erakundea garen aldetik, enpresekin lankidetzan arituko gara, lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko”, azaldu du Arreguik

 

PERSPEKTIBEN INKESTAREN EMAITZA ZEHATZA

Negozio zifra

Enpresen % 50ek aurreikusten du 2024an negozio-zifrari eustea. % 34k hazkundea espero du, eta murrizketa aurreikusten dutenak baino 18 puntu handiagoak dira.

Portaera hori jarduera-sektore guztietan errepikatzen da, eta zerbitzuen sektorearen baikortasun handiagoa nabarmentzen da.

Diapositiva1

Diapositiva2

Esportazioak

Egungo testuinguru ekonomikoa zaila izan arren, Gipuzkoako enpresek, eta bereziki industriak, 2024an esportatzeko gaitasunean duten konfiantza berretsi dute. Gipuzkoako ekonomiaren lehiakortasunean eta erresilientzian puntakoa den faktore horri dagokionez, enpresa esportatzaileen % 43k uste du ekitaldi honetan gora egingo duela atzerriko salmentetan, eta % 12k soilik adierazi du salmentak jaitsi egingo direla.

Diapositiva3

Diapositiva4

 

Enplegua

2024rako bilakaera jarraitua espero da, eta enpresek enpleguarekin duten konpromiso sendoa berresten da, enpresen % 92k plantillak mantentzearen edo handitzearen alde egiten baitute ( % 74 eta % 18, hurrenez hurren).

Diapositiva5 

Diapositiva6

 

Inbertsioa

Inbertsioa ratio positibo baina neurritsuetan mantenduko da 2024an, eta moteltze txiki bat izango du 2023arekin alderatuta.

Diapositiva7

Diapositiva8

 

Enpresen konfiantza

Enpresen konfiantzari dagokionez, % 57k egonkortasuna aurreikusten du, % 18k hobekuntza, eta % 25ek uste du egoera ekonomiko globalak okerrera egingo duela 2024an.

Diapositiva9

Diapositiva10 

     

Informazio gehiago:

Jone Lacunza

Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

943 000 310 / 688 884 347

Cámara de Gipuzkoa Avda. de Tolosa, nº 75 - 20018 Donostia-San Sebastián Tel. +34 943 00 03 00 - info@camaragipuzkoa.com